Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta data horren inguruan ekitaldiak antolatu dira Zamudion, Larrabetzun eta Loiun. Hala, arratsaldeko 6etan ekitaldi berezi bat egingo da Zamudioko liburutegian; eta arratsaldeko 7:30ean, komiki tailerra Gazte Estazioan. Larrabetzun, Eneko Etxegarai idazleak Puagg! umeentzako ipuina irakurriko du arratsaldeko 6etan, Anguleri Kultur Etxean. Eta apirilaren 25ean liburu zaharrak tuneatzeko tailerra egingo da. Hori arratsaldeko 5etan izango da Anguleri Kultur Etxean ere bai. Bertan parte hartzeko izena emateko epea apirilaren 9ra arte egongo da zabalik.
Azkenik, ekitaldi bi egongo dira Loiun. Apirilaren 2an, eta Haur Liburuen Nazioarteko Egunaren haritik, ipuin kontalari bat arituko da haur liburutegian. Saioa arratsaldeko 6etan hasiko da. Bestalde, “Zuk nola egiten duzu?” argazki lehiaketa antolatu da. Lanak apirilaren 1etik 17ra bitartean aurkeztu beharko dira. Lehiaketaren oinarriak Loiuko liburutegian eta www.loiu.org webgunean kontsulta daitezke. Argazkiak apirilaren 23tik maiatzaren 9ra ipiniko dira ikusgai.