Plaka frankistak eraikinetatik kendu dituzte Txori

Aikor aldizkaria 2014ko api. 1a, 11:26

Txorierriko gazte eragileek bizikletaz egiteko martxa bat antolatu zuten joan den zapatuan. Martxa horretan 40 gazte inguruk hartu zuten parte, eta herriz herri ibili ziren eraikin zaharretan dauden Francoren garaiko plakak kentzen. Antolatzaileek oso balorazio ona egin dute ekintzak eduki duen arrakastari buruz: “Gazte-kopuru galanta batu zen ekitaldian, eskailera eta guzti, eta ia 40 plaka kendu genituen. Aho bete hortz utzi gintuen herriko taldeek mugitu zuten jendeak!”. Azaldu diguten moduan, zapatuan egin zuten ekintza orain dela hiru hilabete sortu zen lantaldearen emaitza da. Txorierriko ERNAIk –Zamudioko ERNAIk eta Larrabetzuko ERNAIk osatzen dutena- Txorierriko gazte eragileei deitu zien eta mahai baten inguruan elkarte hauek batu ziren: sortu berri den Tarratada Sondikako Gazte Asanblada, Santzoka Derioko taldea, Inisitue Zamudioko Gazte Asanblada, Hori Bai Larrabetzuko gaztetxea, Txorierriko IA eta Txorierriko ERNAI. “Mahai horretatik sortu zen martxa egiteko ideia. Era berean, helburua Frankismoko plakak kentzea zela adostu genuen, eta martxa bizikletaz egingo genuela”. Plakak kentzeaz gainera, zenbait ekitaldi egin ziren herri bakoitzean, hala nola jolasak, bideo grabaketak, argazkiak eta denbora-pasak. Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean afaria hartu zuten, eta herriko musika talde batek kontzertua eskaini zuen bertan.