Politeknika Txorierri eta Neiker-Tecnalia institutuaren arteko lankidetza-hitzarmena

Aikor aldizkaria 2014ko api. 29a, 10:48

Hitzarmena arlo hauetan bietan sinatu dute: enpresetara zuzendutako lanbide-heziketa, eta berrikuntza teknologiko eta didaktikoaren garapena. Hitzarmenari esker, lankidetza esparru iraunkor bat sortu da aipatutako arloetan, eta Politeknika Txorierri bihurtu da Neiker-Tecnalia institutuaren zentro laguntzailea. Neiker-Tecnalia Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea da. “Erakunde biok aritzen garen esparruak dira eta elkarrekin egingo dugu lan, nekazaritza, ingurumen eta baliabide naturalen sektoreetara zuzendutako prestakuntza sortzeko”, azaldu du Juan Ángel San Vicente Politeknika Ikastegia Txorierriko zuzendariak. “Horrezaz gainera, berrikuntza teknologiko eta didaktikoko proiektuak garatuko ditugu eremu horietan”. Hala, ikastetxeak lanbide-heziketako eskaintza bat garatuko du goi mailako heziketa ziklo hauetan: Automatizazioa eta Robotika Industriala, eta Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola. Era berean, hitzarmenak praktikak egitea ahalbidetuko die Txorierriko ikasleei, aipatutako arloetan enplegu-poltsa bat osatuko dutenak. Bestalde, Neiker-Tecnalia institutuko langileek enplegurako prestakuntza jaso ahal izango dute, baita beste zerbitzu interesgarri batzuei buruzko prestakuntza ere, hala nola ingurumenaren kudeaketari buruzkoa, laneko arriskuen prebentzioari buruzkoa, kalitateari buruzkoa... Neiker-Tecnalia erakunde publikoak 2000. urtetik hona trebatzen ditu Politeknika Ikastegia Txorierriko ikasleak, nekazaritza, ingurumen eta baliabide naturalen sektoretan, eta berrikuntza teknologikoaren proiektuetan. Horren haritik, ikasleak hartzen dituzten enpresek aintzat hartzen dute horiek erakundean jasotako prestakuntza. Hitzarmenak nekazaritza arloari lotutako ezagutzak eta berrikuntza teknologikoa partekatzea du helburu, erakunde biei onurak ekarriko dizkiena.