“Gure esku dago” kanpaina Txorierrin martxan jarri zenean, txorierritarroi Uharte Arakilen kilometro bat betetzea egokitu zitzaigula esan ziguten haren arduradunek, eta horretarako, gutxienez 400 lagun behar zirela. Ba, helburua soberan bete da, domekan 1.700 txorierritarrek hartuko dutelako parte Durango eta Iruña lotuko dituen giza katean.
Txorierritik 22 autobus aterako dira goizeko 8etan, baina geralekuetan goizeko 7:30ean egon behar da, autobusak puntu puntuan abiatuko direlako Uharte Arakilera. Batzuk autoz joango dira eta helmugara alegatzen denean, oso inportantea izango da han egongo diren arduradunen argibideei jarraitzea, haiek esango digutelako autoa non utzi. Uharte Arakileko kilometroan, 100. kilometroan, 12:00etatik 12:30era egon beharko da. Eta handik Etxarri-Aranatz-era. Bertan jaialdi handia egingo da egun osoan zehar. Txorierrira goizeko 6etan itzuliko da.
Antolatzaileak oso pozik azaldu dira txorierritarrek kanpainari emandako erantzunarekin. Eta inportanteena sare handi bat osatzea dela adierazi digute, “ideia guztiak batu eta hemendik aurrera zer egingo dugun planteatzeko eta prozesu horretan guztiok parte hartzeko”.
“Gure esku dago” Euskal Herri mailan martxan jarri den egitasmoa da eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea du helburu. Egitasmoak hiru ardatz edo ideia nagusi ditu: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta eskubide hori gauzatzea herritarron esku dago.
Zu ere giza katean parte hartzekoa bazara, zure argazkiak bidali ahal dizkiguzu aikortxori@aikor.com helbide elektronikora, edo aikor.com webgunera igo eta gure facebooken partekatu.