Aikor! aldizkariak berriz erabiltzeko edalontziak egin eta horiek salgai jarriko ditu Txorierriko jaietan. Dakizuenez, aldizkariaren gaur egungo egoera ekonomikoa nahiko kaskarra da, eta aldizkaria hilero kaleratzen jarraitu ahal izateko finantziazioa lortzeko, hainbat ekimen ipini dira martxan, edalontziak horien tartean. Edalontzi bakoitza euro batean salduko da eta herrietako txosnetan eskuratu ahalko duzue. Gaur arratsaldean hasiera emango zaie Zamudioko Pazko jaiei eta asteburu osoan zehar edalontziak salgai egongo dira hango txosna bietan. Datorren asteburuan Sondikako San Joan jaietako txanda izango da, eta momentuz edalontziak Hegalariak areto-futbol taldeko txosnan eta Sondika Kirol Klubeko txosnan salduko dira. Edalontziak saltzeko leku gehiago adosten goazen heinean, horren berri emango dizuegu, Txorierriko herrietako jaietara joaten zaretenean haiek non erosi jakin dezazuen.
Bestalde, gogoan izan aikor!lagun berriak egiteko kanpainan gaudela murgilduta, bete-betean. Kanpainak “1.000 baietz” du lelotzat, hori baita aldizkariaren jarraipena eta burujabetasuna bermatzeko behar dugun aikor!lagunen kopurua. Oso erreza da aikor!lagun egitea: aldizkarian bertan topatuko duzun kupoia bete ahal duzu, eta guri bidali; edo 94 452 34 47 / 688 86 41 35 telefono zenbakietara deitu. Era berean, aikor.com webgunearen bidez egin ahal duzu aikor!lagun, edo euskara elkarteetako kideei esan.
Mila baietz! Baieeetz! Egin topa Mila baietz-aren alde herriko jaietan!
Euskara