Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Gazteria arloak Txorierriko I. Musika Lehiaketa ipini du martxan. Lehiaketa Txorierrin erroldatuta dagoen eta 15 urtetik 29 urtera bitartekoa den kideren bat duten musika taldeei dago zuzenduta. Finalistek grabazio-estudio profesional batean CD bat grabatzeko aukera edukiko dute. CDaren aleak ere emango zaizkie, beren lana zabal dezaten, eta 300 euro jasoko dute, Txorierriko saltokietan gasta dezaten. Gainera, aipamen berezi bi egingo dira: bata, kide gehienak neskak diren talderik onenari; eta bestea, kide gehienak 15 urtetik 21 urtera bitartekoak diren talderik onenari. Talde biek 100 euro jasoko dute, bertoko saltokietan gastatzeko, eta CDean beren abestietariko bat sartuko da.
Bestalde, kontzertu bat egingo da eta bertan CDa aurkeztuko da jendaurrean. Kontzertura nahi duen guztia joan ahalko da.
Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orria Mankomunitateko webgunean daude: www.e-txorierri.com. Informazio gehiagorako, 688 62 99 65 telefono zenbakira deitu ahal da (Txorierriko Gazte Informazio Bulegoa).
Txorierriko gazte bat bazara eta musika talde bat baduzu... hau da zure lehiaketa!