Aurreko urteetako arrakastari eutsi dio “Lezamako

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 3a, 11:16

Argazkiak: Lezama Iruditan

Joan den igandean giro ezin hobea egon zen Lezaman. Izan ere, Lezamako Mugetatik mendi ibilaldia eta lasterketa bederatzigarren aldiz egin zen eta herrian jendetza handia batu zen; parte-hartzaileak, haien lagunak eta zaleak, tartean. Eguraldia lagun, 700 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte mendi lasterketan eta mendi ibilaldian. Lasterketari dagokionez, Errespalditzako Iñaki Isasik irabazi zuen gizonezkoen kategorian, eta Iruneko Alizia Olazabalek, emakumezkoen kategorian. Olazabal iaz ere izan zen txapelduna. Probaren ostean, herriko produktuak dastatzeko aukera eduki zuten plazan bildu ziren lagunek. Lezamako Mugetatik mendi ibilaldia eta lasterketa orain dela bederatzi urte antolatu zuten lehenengo aldiz herriko hainbat elkartek. Iaz Mugetatik kirol kluba sortu zuten egitasmoari babes legala eta egitura sendoa emateko, baina antolakuntzatik adierazi duten bezala, “lehengo laguntzaile berberak dabiltza musu truk lanean, jo eta ke, eta hori miresgarria da gaur egun. Kanpotik datorren jendeak baloratzen duen gauza ere bada”. Lezamakoa urterik urte sendotzen joan den proba da eta antolatzaileak pozik azaldu dira hark daukan arrakasta eta oihartzunarekin. “Gu hasi ginenean, ibilaldiak bazeuden ere, mendi lasterketa gutxi zegoen. Orain urteko asteburu guztietan dago mendi lasterketaren bat, eta inguruko herrietan gainera, baina gure lasterketak zein ibilaldiak parte-hartzaileen kopurua mantentzen dute”. Hala, egitasmoak gutxi gorabehera 250 korrikalari, 400 ibiltari eta 50 ume batu ditu azken lau urteotan. Horiei parte-hartzaileen senideak eta lagunak gehitu behar zaizkie, baita antolakuntzan dabiltzan 70 bat lezamar ere. “Mila lagun inguru gabiltza herria girotzen eta hori zoragarria da Lezama bezalako herri batentzat. Zalantza barik, Lezaman urtean zehar dagoen kirol ekintzarik garrantzitsuena da”. Hurrengo urtean mendi lasterketaren eta ibilaldiaren 10. edizioa beteko da eta aurreko urteetako eredua mantenduko duten arren, antolatzaileak zerbait berezia egitea aztertzen dabiltza. Horren berri emango digute.