Ortzi Erandiogoikoko kirol taldeak martxa solidario bat antolatu zuen maiatzean. Beharrezkoa ez bazen ere, antolatzaileek aukera eman zuten nahi zuenak kilo bat janari ez galkor eraman zezan inskripzio moduan. Martxaz gainera, azoka alternatibo bat ere ipini zen eta, besteak beste, jatekoak, arropa eta zeramika-lanak saldu ziren bertan. Egitasmoak behartsuen artean banatzeko janaria, arropa eta abarrekoak batzea eduki zuen helburu.
Kirol taldetik orain jakinarazi diguten bezala, 327 kilo janari, 127 kilo arropa eta 2.000 euro batu zituzten egitasmoari esker. Janaria eta arropa inguruko behartsuen artean banatu dute dagoeneko, eta dirua Ekuadorrera bidaliko dute gobernuz kanpoko erakunde baten bidez.
Erandiogoikoko elkarteak bederatzi urte daramatza martxa solidarioa antolatzen. Eta hori urtean zehar egiten duten ekitaldirik handiena den arren, beste ekintza batzuk ere egiten dituzte kinka larrian daudenei laguntzeko, hala nola zozketak, kamisetak saltzea eta enpresei janaria eskatzea. Kirol taldeak eskerrak eman nahi dizkie bere kideei martxa egunean zein urtean zehar egindako ahaleginagatik. Baita haiekin batera aritzen diren hauei ere: Gaztedi Laukizeko sokatira taldea, Gurari Erandiogoikoko taldea, Erandioko Babes Zibila eta Sortarazi GKE.