Sondikoztarrek Altzora Egunarekin bat

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 15:09

Altzora Sondikako euskara elkarteak bere eguna ospatu zuen zapatuan. Egun osoan zehar euskara eta euskal giroa nagusi izan ziren herrian, eta antolatutako ekitaldietan euskaltzale asko batu ziren. Goizean umeentzako ekintzak egon ziren eta herriko elkarteen ordezkariak Ikurrinaren plazan elkartu ziren Euskara da Euskal Herri abestia osatzeko. Ekitaldian 200 lagun inguruk hartu zuten parte eta bakoitzak hizki bat idatzita zuen kartoi mehe bat hartu zuen. Kartoi guztiak batuta esandako abestiaren leloa osatu zuten. Aldi berean, umeek cup song-a egin zuten. Tabernarik taberna ibili ziren dantza poteoan. Taberna bakoitzean dantza egin, tragoa hartu eta hurrengora; horrela Ikurrinaren enparantzatik karpara. Herri-bazkarian 280 lagun batu ziren. Bazkalondoa hau bezalako jaietan nahitaezko bihurtu den Taberna Ibiltariak girotu zuen, eta arratsaldean Euskara da Euskal Herri cup song-a egin zen berriro; denok batera . Erromeria Akerbeltz taldearen kontu izan zen, eta, nahi zuenak, ez zuen aitzakiarik topatu eguna ez luzatzeko. Euskara elkartea oso pozik azaldu da herritarrek Altzora Egunari eman dioten babesarekin. Era berean, eskertu dute egun horretako egitaraua osatzen lagundu dieten elkarteen ahalegina: Tarratada, Elaiak, Gorantzaileak eta Inauteriak. Egunaren momentuak hurrengo argazkiotan batu ditugu.