Txorierrin antolatuko den “Lukie koiu” lehiaketan DBHko 1-4 mailetako gazteek hartu ahal dute parte. Txorierriko ondare linguistikoa, historikoa eta ohiturak landu, eta horren truke bono sariak jasoko dituzte.
Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak egiten duen lanaren baitan garrantzia handia dauka gazteen artean euskararen erabilera sustatzeak. Hori dela medio, proiektu berri bezain dibertigarria eskainiko du aurten. Egitasmo honek, alde batetik, euskararen erabilera eta motibazioa sustatzea du helburu eta, bestetik, parte hartze aktiboa eta ludikoa eragitea. Beraz, aurten lehen aldiz, “Lukie Koiu” lehiaketa antolatu du, eta horretarako Txorierriko Mankomunitatea osatzen duten herrietako gaztegune eta gaztelekuen partaidetza eta laguntza ezinbestekoa izango da.
Lehiaketak ginkana estiloa izango du eta 3 fasetan banatuko da. Lehenbiziko faseari iraila hasieran ekin diogu institutuko ikasleen aurrean egindako aurkezpenekin. Orain arte ikasle ugari animatzen ari da lehiaketaren lehenengo proba egiten eta hainbat bikotek eman du izena dagoeneko. Proiektua 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei. Gazteek webgunean eman behar dute izena, bikoteka. Bertan gurasoen baimena deskargatu ahal izango dute eta bete ondoren, emailez bidali beharko diete antolatzaileei. Izen emate epea, beraz, zabalik dago parte hartu nahi duten Txorierriko gazteentzat, animatu eta izena eman http://www.lukiekoiu.com atarian!
Gazteek egin behar dituzten probetan euskal kultura, Txorierriko ondare linguistikoa eta historikoa eta bertako ohiturak jorratuko dituzte argazki, bideo zein testu idatzien bidez. Lehenengo proban adibidez, gazteek pare bat minutuko bideoa grabatu beharko dute euren burua aurkeztuz, eta euren herrietatik gustukuen dauzkaten lekuak adieraziz.
Astero-astero proba bat argitaratuko da webgunean eta jasotako lan guztiak ere bertan azalduko dira, sarean. Era horretara, senide eta lagunek aurkeztutako lanak bozkatzeko aukera izango dute abenduko lehenengo astean zehar, horrela, ingurukoei ere parte hartzeko aukera emanez. Publikoaren bozkari antolatzaileena gehituko zaio eta orduan erabakiko da zein bikote helduko diren abenduaren 13an jokatuko den finalera.
Sariak
Finalera heltzen diren 3 bikoteek hainbat proba egin beharko dute eta amaieran, nola ez, saria jasoko dute. 1.200 euro bono-saritan banatuko dira finalean parte hartuko duten hiru bikoteen artean. Horretaz gain, 5. proba gauzatzen duten guztiek sari bana jasoko dute.
Lehiaketari buruzko informazioa aurkitzeko aski da webgunean sartzea. Tuentian “Lukie Koiu” bilatuz gero ere bertan aurkituko gaituzu, eta webguneko informazioaz gain makina bat aukera egongo da lehiaketa gertutik jarraitu ahal izateko: probak ikusi, iruzkinak egin, argazkiak igo, lehiakideen artean harremanak sortu...
Gogoan izan lehiaketan parte hartzeko www.lukiekoiu.com webgunean eman behar dela izena. Ezetz Lukie Koiu?
Euskara