EiTBk eta Tokikom Euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak elkarlanerako akordioa sinatu dute gaur goizean Bilbon. Bi erakundeek adierazi dute akordioa emankorra izango den bide baten hasiera baino ez dela, eta harremana laster nabarituko dela komunikabideetan. Ez da bi erakundeek elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia. Euskadi Irratiarekin antzeko hitzarmen bat sinatu zuten aurrekoan, eta horren ondorioz, Tokikom tertulia sartu zen 'Mezularia' saioaren barruan. Orain, berriz, EiTB osora zabaltzen da akordioa. Elkarlan honek bere lehen fruituak eman ditu dagoeneko eta astelehenetik aurrera ETB1eko 'Azpimarra' saioan Tokikom osatzen duten hainbat komunikabidetako kideek hartuko dute parte.
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiaren iritziz, alde biei ekarpen aberatsa egingo die hitzarmenak: EiTBk ahots gehiago izango ditu eta, gainera, katea hurbilagoa izango da. “Tokikom-ek, halaber, babesle eta euskarri izango gaitu, informazioaren alorrean batik bat”, gaineratu du. Tokikomen ustez, euskal komunikabideen etxea bi solairukoa da, non behekoan tokikoak dauden, eta goikoan, nazio mailakoak. Urko Aristi presidenteak aipatu duenez, “ezinbestekoa da bi solairuen artean igogailuak eraikitzea, eta gaur sinatutakoa horietako bat da. Handiek, kasu honetan EiTBk, zaila dute bazter guztietara iristea, eta horretan tokikook ezinbesteko laguntza eskaini ahal diegu; eta bestetik, txikiok handiaren babesa behar dugu egonkorragoak izan nahi badugu”.
Euskara