Loiuko Udalak auto klasikoen erakusketa antolatu zuen laugarren aldiz urriaren 5ean. Guztira, 103 autok eman zuten izena, baina antolatzaileen arabera, 120 auto egon ziren ikusgai. Loiuko Udala pozik agertu da parte-hartzaile kopuruarekin eta aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtean ere antolatuko dute ekitaldia. Autoez gainera, motor batzuk eta kamioi zahar bat ikusteko aukera ere izan zuten bisitariek. Antolatzaileek sariak banatu zituzten hainbat kategoriatan: urrunen etorritako autoari saria Ford A bati eman zioten. Autoa Kanaria Handitik etorri zen eta ibilgailurik zaharrenari saria ere eskuratu zuen. Autorik dibertigarriena Chevrolet furgoneta bat izan zen; dotoreena, Lotus Seven bat; eta azkenik, Volkswagen furgoneta batek eraman zuen , Loiuko saria.
Loiuko Udalak hilean behin ekitaldi handi bat antolatzeko asmoa du. Irailean auto klasikoen topaketa egin nahi izan zuten, baina azkenean atzeratu behar izan zuten. Era berean, urriaren 19rako Loiuko Azokaren XXII. edizioa antolatu dute, eta bertan Egan taldeak eskainiko du kontzertua. Gainera, azaroan IV. Loiumendi martxa egingo da. Iaz 500 mendizalek hartu zuten parte ekitaldian. “Pozik gaude antolatzen ditugun ekitaldietara jendetza etortzen delako, Loiutik ez ezik, Txorierri eta Bizkaiko herrietatik ere”, esan digu Josu Andoni Begoña Kultura eta Kirol zinegotziak.
Aisia