Topaegunak indarberritu dituela diote Tximintxekoe

Aikor aldizkaria 2014ko urr. 13a, 15:39

Argazkiak: Aner Mentxake, Oihane Goienetxe eta Ane Leniz

Egun bizia eta mundiala zapatuan Derion bizitzeko aukera izan genuena. Topaeguna, hau da Euskal Herriko Euskara Elkarteen Eguna hirugarren aldiz egin da aurten eta Tximintx Derioko euskara elkartearen kideak anfitrioi ibili dira oraingo honetan. Derioko Plaza agerkari digitalaren bidez adierazi duten moduan, “Bihotza hunkituta daukagu Tximintxekook oraindik. Zapatuko ajeak luzetxo iraungo duela ematen du. Indarberrituta sentitzen dugu gure burua, indarberrituta eta sasoiko, nekeak neke”. “Ein daigun topa” lelopean, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako euskaltzaleak elkartu ziren Derioko kaleetan. Egunari berbak ereiten eta 15 urte barru euskararen egoera zelangoa izango den pentsatzen eman zioten hasiera, eta bederatzi elkartek beren esperientzia konpartitu zuten ekitaldira hurbildu zirenekin. Handik aurrera euskal giroa, jaia, musika, aldarte ona… nagusi izan ziren herrian: umeentzako jolasak, batukada, kantu-jira, kilikiak, buru-handiak, taloa, txakolina, bazkaria, erromeria, kontzertuak… Elkartetik eskerrak eman dizkiete TopaEgunari era batean edo bestean ekarpena egin dioten guztiei: Udalari, Topaguneari, inguruko eta Txorierriko euskara elkarteei, derioztarrei eta egunean zehar antolatutako ekitaldietan parte hartu zuten guztiei. “Hurrengo urtean, Lasarte-Orian egingo dugu topa eta topo. Irribarrea ahoan eta euskara ardatz. Mila igurtzi eta musu egun hau posible egin duzuen guztiei. Zuok ere Tximintx zarete”.