Azaroaren 2an, Karradera elkarteak Larrabetzuko Txakurkrossa antolatu zuen lehenengo aldiz. Bertan 84 korrikalarik hartu zuten parte. Antolatzaileak poz-pozik agertu dira parte-hartzaile kopuruarekin, eta adierazi digute proba datorren urtean ere egiteko asmoa dutela. “Lehenengo urtea izan da eta oinarria jarri dugu. Lanean gabiltza kirol hau ahalik eta gehien zabaltzeko eta Bizkaiko Liga ipini da martxan. Lehengo lasterketa Larrabetzukoa izan da, eta hurrengoak Sodupe, Etxebarri eta Gorlizen egingo dira. Datorren urtean Bizkaiko Txapelketa hartuko dugu herrian, beharbada”, esan digu Haritz Karrera antolatzaileetako batek.
Parte-hartzaileak bizkaitarrak izan ziren batez ere, baina Asturiasetik, Kantabriatik, edo Iparraldetik ere hurbildu ziren Larrabetzura. Irabazleak Jose Felipe Larrazabal eta Leire Fernandez izan ziren, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, hurrenez hurren. Lasterketa ez ezik txakurkross-erakustaldia ere antolatu zen. Han 50 ume aritu ziren eta primeran pasatzeaz gainera, kirol honen berri ere izan zuten. Betiko moduan, Larrabetzuko lagunek bat egin zuten lasterketarekin eta izugarrizko laguntza eskaini zieten antolatzaileei: ibilbidea atontzeko, boluntario moduan korrikalariei laguntzen...
Txakurkrossa kirol berria da eta gero eta jarraitzaile gehiago du. Txakurrak korrika egiten du, eta atzean, txakurrak bultzatzen duela, korrikalaria doa, soka baten bidez txakurrari lotuta.