Durangoko Azokaren nobedadeak aurkeztu dituzte

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 12a, 14:41

Durangoko Azokako guneek aurtengo ediziorako prestatu dituzten nobedade nagusiak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrean. Nobedade nagusia Landakogunean kokatzen den Areto Nagusiak izango du. Gerediagako presidentea den Nerea Mujikak azaldu duenez, “Euskal kulturaren plaza nagusia, euskal kulturari buruzko gogoeta gune garrantzitsu bilakatzeko erronka” hartu dute Gerediagan. Horretarako, kultur sektorearen kezka, erronka eta gogoetak jasoko dituen espazioa egokituko dute programazioaren barruan. “Sortzaile, eragile, industria eta, oro har, kultur sektorearentzat espazio bat eraiki dugu Areto Nagusian, Gogoetaren Plaza bilakatu dadin. Azokaren stand-etan, pasilloetan eta Landakogunearen inguruetan ematen diren solasaldi, eztabaida eta proposamen berritzaileak azokaren erdigunera ekarri nahi izan ditugu, azokaren bihotzera” zehaztu du Nerea Mujikak. Nobedadeez gainera, Ikasle Egunari dagozkion datu nagusiak ere aurkeztu dituzte. Abenduaren 5eko egitarauaren zati handi bat hartuko du haur eta gazteei zuzendutako eskaintzak. Aurten iaz baino tailer gehiago antolatu dira, eta guztira 30 saiotik gora eskainiko dira. Euskal Herri osoko eskariak jaso ondoren, 36 ikastetxetako 1170 ikaslek parte hartuko dute tailerretan. Nobedadeak, gunez gune SZENATOKIA, Arte eszenikoen plaza Euskarazko arte eszenikoen eremua da. San Agustin Kultur gunean dago kokatuta, eta euskal antzerkian edo dantzan egiten diren lanak plazaratzeko tartea eskaintzen da, eta era berean, zaleak sortzaileekin zuzeneko harremana izateko aukera dute. IRUDIENEA, Ikus-entzunezkoen plaza Zugaza zinema aretoan kokatuko da aurten ere. Euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa izango da, dela dokumentala, film laburrak zein film luzeak. Zinemaren munduan formatu ezberdinetan sakonduko dute: emanaldiekin, aurkezpenekin edota eztabaidekin. AHOTSENEA, sortzaileen plaza Bi espazio izango ditu Ahotseneak, ohiko legez, baina aurtengoan berrikuntza batekin dator. Bi espazio horiek bi karpa ezberdinetan joango dira banatuta: zuzenekoen karpa eta solasaldiena. Ahotsenea, liburua edo diskoa plazaratzen dutenen parte hartzean oinarritzen da. Aurkezpenak egiteko epea zabaldu zenean, egun bakarrean bete ziren tarte guztiak. Hainbat sortzaile kanpoan geratu ziren. Espazioaren birformulatze honekin eskaria egin duten sortzaile denei lekua egin zaie. Guztira, 55 kontzertu eta 35 solasaldi. PLATERUENA, Kontzertu handien plaza Euskal Herritik etorritako euskaltzale eta kulturzaleen topalekua da. Gatibu, Hesian eta Vendetta taldeak izango dira kontzertuetako batzuk. Berezia izango da aurtengoa. Hamargarren urteurrena, zilarberritzen parte hartze prozesua eta diru ekarpen eta borondatezko lan kanpaina oinarri “…eta urte askotarako” ikuskizuna prestatuko du Plateruenak disziplina artistiko ezberdinak bilduz. SAGUGANBARA, Txiki eta Handien plaza Areto handia eta areto txikia izango ditu aurten ere Saguganbarak, eta biak beteko ditu idazle, ilustratzaile, bertso, ipuin kontaketa eta beste haimaika ekintzarekin. Aurten berrikuntza nagusia Berbaro elkartea eta Mintzola Fundazioaren arteko elkarlana da. Ondorioz, ahozkotasunean eta kulturaren transmisioan garrantzia ipinita 20 tailerretik gora antolatuko dira. KABI@, Digitalaren plaza Kultura digitalaren plaza izanik, azken hilabeteotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea da. Lau ardatz nagusi izango ditu: hezkuntza, sortzaileak, komunitatea eta enpresa. AZOKA TB Aurten platoa izango du Azoka Telebistak Landakon. Zuzeneko saioak ekoiztuko ditu azokan gertatzen dena bertatik bertara kontatzeko, zein streaming bidez edota tokian tokiko telebistetan. Publikoarentzat lekua izango da platoan eta publikoarekin elkarreragina sustatuko da. ARETO NAGUSIA, Gogoetaren plaza Guneetako nobedade nagusia dakar Areto Nagusiak edizio honetan. Euskal kulturaz solastu, eztabaidatu eta hausnartzeko espazioa sortu da Areto Nagusian, ohiko liburu eta proiektuen aurkezpenez aparte. Sortzaile, eragile, industria eta, oro har, kultur sektorearentzat espazio bat izango da Areto Nagusian, Gogoetaren Plaza bilakatzeko helburuarekin. Hiru gai hizpide hartuta egituratuko dira saio ezberdinak: hizkuntzaren hautua, sostengu ekonomikoa, eta transmisioa. Gai hauen gainean ikuspegi ezberdinak erakutsi dituzten parte-hartzaileek jardungo dute.