Igor Urrutikoetxearen oroimenezko ekitaldia

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 2a, 15:36
Lagunek eta herritarrek omenaldia egin zioten Igor Urrutikoetxeari azaroaren 29an, Lezaman. Igor LAB sindikatuaren Nazioarte Saileko arduraduna izan zen, eta iaz istripuz hil zen Brasilen, hara kongresu batean parte hartzera joan zela. Igor Aikor! aldizkariaren kolaboratzailea ere bazen. Ekitaldian 100dik gora lagun batu ziren. Parte-hartzaileek ibilaldi bat egin zuten Lezamatik eta Igorrentzat esanguratsuak ziren lekuak bisitatu zituzten. Leku bakoitzean berbak esan ziren Igorren omenez eta, txanda hartu ahala, hizlariek elkarri pasatu zioten zapi palestinar bat. “Zerbait dinamikoa egin nahi izan dugu, Igor ere horrelakoa zelako. Uste dugu zerbait polita eta hunkigarria egin dugula”, esan digute antolatzaileek. Ibilaldiari Oxangoiti kultur elkartearen egoitzan eman zioten hasiera, Igor horren sortzaileetako bat izan zelako. Lagunek bere argazki bat ipini zuten tabernan. Taldea eskolara abiatu zen gero, eta han Askapena erakunde internazionalistak idatzitako gutuna irakurri zuten. Igor talde horren kidea zen. Hurrengo geldialdia eliza ondoko parkean egin zuten. Leku horretan Iñaki Rikeri egiten diote omenaldia urtero, eta Igor eta Iñaki lagunak zirenez, biak omenaldian batzea erabaki zuten antolatzaileek. Rike iheslari politikoa izan zen eta Baionan hil zen 2006. urtean. Parkean, zuhaitz baten alboan, Kataluniako lagunek idatzitako testu bat irakurri zuten. Ostean, Aretxalde auzora joan ziren. Esan digutenaren arabera, Igor kezkatuta zebilen industrializazioak auzoan duen eraginarekin, eta LAB sindikatuaren lagunek hitzaldi txiki bat eskaini zuten horren haritik. Azken geldialdia Igorren gurasoen etxean egin zuten. Xalbadorren heriotza eta Loretxoa abestiak kantatu zituzten han eta Igorren argazkiak oparitu zizkieten gurasoei, baita ibilbide osoan zehar eskuz esku pasatu zen zapi palestinarra ere. Jakinarazi duten bezala, antolatzaileek badute hurrengo urtean ere Igorri omenaldia egiteko asmoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).