Korrika, euskararen aldeko lasterketa erraldoia, martxoaren 19an abiatuko da Urepeletik, eta martxoaren 29an amaituko da Bilbon. Aurtengoa 19. edizioa da, eta 11 egunez zeharkatuko du Euskal Herria, gelditu barik. Martxoaren 29an pasatuko da Txorierritik, eta geuk emango diegu lekukoa bilbotarrei.
Txepetxa AEK euskaltegiak ekitaldi bat antolatu du otsailaren 20rako, Larrabetzun. Hura iluntzeko 8etan egingo da, Hori Bai gaztetxean. Bertan emango da Korrika 19ren berri, eta zehaztuko da zer ekintza egingo diren Txorierrin horren inguruan. Izan ere, batzordeak lanean hasi dira eta egitarau zabala prestatzen dabiltza herri guztietan. Horren haritik, batzordeetan parte-hartzeko gonbidapena egin diete herritar guztiei Txepetxa euskaltegitik, “ideia eta ekarpen guztiak direlako beharrezkoak eta eskertzekoak”. Korrikaren ibilaldia eta ordutegia ere jakinaraziko dituzte ekitaldian, eta arropa desfile bat egingo da. Daltondarrak taldeak musika saioa eskainiko du.
Ekitaldi horretan, aipatu den bezala, martxorako prestatu diren ekintzak aurkeztuko dituzte jendaurrean. Hala ere, aipatu beharra dago Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Sondikan egon zirela urtarrilean, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan. Era berean, eta aurrerapen moduan, esan digute bertso-afaria egingo dela otsailaren 27an, Loiun. Bestalde, Korrika materiala eta arropa Txepetxa euskaltegian ipini dira salgai.
Korrikaren antolatzaileek hiru lehiaketa antolatu dituzte aurten: Bideo-kopla lehiaketa, Abestiaren bertsioa eta Bideo lehiaketa. Oinarriak korrika.eus webgunean daude irakurgai, eta Txepetxa euskaltegiak bertan parte hartzera animatu nahi ditu txorierritarrak, “lagunekin, familiarekin, eskolan, lanean…”.
Euskara