Karraderan II. mendi lasterketa

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 24a, 10:02

Burdinazko Harresian Karraderan mendi lasterketaren bigarren edizioa antolatu du BHK Karraderan Larrabetzuko kirol eta kultur elkarteak, eta bertako Udalaren laguntza izan du horretarako. Hitzordua martxoaren 14an izango da, La-rrabetzun. Iaz, 285 korrikalarik hartu zuten parte lasterketan, eta, antolatzaileen aurreikuspenen arabera, aurten gainditu egingo da kopuru hori. Kirolariak herrikoak, inguruko herrietakoak eta kanpotik etorritakoak izango dira, etortzekoak baitira Asturiasetik, Galiziatik, Madriletik, Aragoitik... Aurten, iaz ez bezala, kategoria bitan banatuko dute sailkapena: alde batetik, seniorrak, 18 urtetik 39 bitartekoak; eta bestetik, 40 urtetik gorakoak. Ibilbideari dagokionez ere badira berritasunak. Esate baterako, BHK II. mendi lasterketan, bunker baten barrutik pasatu beharko dute parte-hartzaileek, baita zenbait zuloren barrutik ere. Gainera, mendi lasterketa den heinean, antolatzaileek murriztu egin dituzte asfalto-tarteak, eta korrikalariak batez ere mendi bideetatik ibiliko dira. Betiko moduan, Larrabetzu inguratzen duten mendietan egingo da proba, eta hauek dira igoerarik aipagarrienak: Gaztelumendi (323 m), Arrizurigane (326 m), Sanmartingane (302 m) eta Bizkargi (565 m). Lasterketak 32 kilometroko luzera eta 1.630 metroko desnibel positiboa du. Gutxi gorabehera ordu bi eta 40 minutu emango dute korrikalariek lasterketa bukatzeko. Lasterketa goizeko 9,30etan hasiko da herriko plazan. Korrikalariak martxan dauden bitartean, umeentzako jolasak egingo dira plazan bertan. Ondoren, sari banaketaren ostean, iaz ez bezala, herri bazkaria egongo da, korrikalari, boluntario, antolatzaile eta bertan egon nahi duen edonorentzat. Azkenik, egunari bukaera on bat emateko, erromeria antolatu dute, parranda eder bat egiteko asmoz. Oraindik ez dute erabat zehaztuta, baina lasterketaren haritik, BHK Karraderan kirol eta kultur elkarteko kideek kultur-egitarau oparoa antolatuko dute lehiaketaren aurreko egunetan. Kirola baino gehiago Burdinazko Harresian Karraderan II. mendi lasterketa ez da kirol proba hutsa. Bere izenak iradokitzen duen moduan, lehiaketak memoria historikoa lantzea du helburu, eta Euskal Herriaren historia ulertzeko ezinbestekoak diren gertakariak ekarriko ditu gogora. Horren haritik, ibilbidea Gerra Zibilean Bilbo babesteko eraiki zen Burdinazko Harresitik igarotzen da. Eta parte-hartzaileek defentsarako eraiki ziren bunker, lubaki zein kobak ikusteko aukera izango dute. INFORMAZIO GEHIAGO: www.karraderan.org