Emakume pilotari txapelketa, lehen aldiz Bizkaian

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 27a, 12:06

Bizkaiko Pilota Federazioak eta Zamudioko Udalak Bizkaiko Emakume Cup antolatu dute. Itxuraz, pilota jaialdi arrunta ematen du, Txorierrin hainbat aldiz egiten diren horietako bat. Hala ere, txapelketa erabat aitzindaria da, Bizkaiko emakume esku-pilotarien lehen txapelketa baita. “Pilotan emakumeak egon badaude, baina palan jokatu dute beti. Oraingo honetan neskek eskuz eta senior kategorian federatuta daudela jokatzen dute”, esan digu Iker Amarika Bizkaiko Pilota Federazioaren presidente ordeak. Txapelketa urtarriletik eta otsailera bitartean jokatu da, eta finalak martxoaren 6an ikusi ahalko ditugu Zamudioko frontoian, Emakumeen Nazioarteko Eguna baino egun bi lehenago: lehenengo, 3. eta 4. postuak jokatuko dira; eta ostean, 19:30etatik aurrera, final handia. “Guk indartu nahi dugu emakumearen presentzia kirolean, batez ere pilotan, eta horregatik aukeratu dugu data hori txapelketa jokatzeko”. Guztira, 14 bikote sartuko dira lehian: 10 bikote Txokoan Larrabetzuko emakume pilota elkarteko kideak dira; beste bi, Zornotzatik datoz; beste bat, Munitibartik; eta beste bat, Amorototik. “Maila oso parekatua da eta nekez jakin ahal dugu nortzuk diren faboritoak”. Euskal Telebistak finala emango du martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Beste tokiko kate batzuek –Hamaika tv, Telebilbao, Oizmendi eta Tele7– ere eskainiko dute emanaldia. “Oso pozik gaude, telebistak ekitaldia Euskal Herri mailan zabaltzeko aukera emango digulako. Txapelketa honetan estreinako aldiz grabatuko da emakume esku pilotarien partida bat. Aitzindaria izango da”.