Nafarrak nagusi, Lezaman

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 3a, 12:13

Bikote nafarrek irabazi zuten Eskualdeko Pilota Txapelketaren 56. edizioaren finala, gazte eta senior mailan. Partidak otsailaren 27an jokatu ziren Lezaman. Gazte mailan, Laso eta Martiga 22-11 nagusitu ziren Elordi eta Otaduyren kontra. Batez ere Laso aritu zen fin-fin, eta 17 urte izan arren, adituek uste dute etorkizun handiko pilotaria dela. Bestalde, senior kategorian, Edorta Bilbao zamudioztarrak eta Asier Beitiak ezin izan zuten txapela jantzi, eta 22-18 galdu zuten Yoldi eta Peñasen aurka. Partida ez zen oso ikusgarria izan, baina norgehiagoka gogorra eta orekatua izan zen benetan. Partiden artean Lezamako Pilota Elkarteko eskolako mutilek omenaldia jaso zuten, Uribe Kostako azken txapelketan emaitza onak lortu zituztelako. Gainera, herriak, Pilota elkarteak eta Bizkaiko Federazioak omenaldia egin zioten Juan Mari Dañobeitia Lezamako Pilota elkarteko batzarkideari. Juan Marik bizitza osoa eman du pilotari lotuta: txikitan jokatu zuen; gero zaletu eta profesional mailetan ibili zen; eta azkenean, Pilota Elkartearen eskolaren arduraduna izan da. “Ustekabez harrapatu ninduen eta oso hunkigarria izan zen. Nirekin eskolan ibilitako mutikoak ere etorri ziren. Oso polita izan zen”, esan digu Juan Marik.