Larrabetzuarrak, emakume esku-pilotarien lehenengo Bizkaiko txapelketaren finalean

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 5a, 13:41

Bihar, martxoaren 6an, Emakume Cup txapelketaren finala jokatuko da Zamudioko frontoian. Txapelketa lehenengo aldiz egin da eta larrabetzuarrak erabat nagusitu dira bertan. Izan ere, partidetan arituko diren lau bikoteek jokatzen dute Txokoan emakume pilota elkartean, Larrabetzun. Jone Arangurenek eta Ane Baraiazarrak Jone Goiriren eta Amaiur Holgadoren kontra jokatuko dute finala. Era berean, Mari Carmen Zubiaurrek eta Paula Iturbidek osatutako bikoteak 3. eta 4. postua jokatuko du Arrate Gaztelu eta Lutxi Fonsekaren aurka. Emakume Cup emakume esku-pilotarien lehenengo Bizkaiko txapelketa da. Finalera heldu arte, bikoteek ligaxka jokatu dute urtarrilean eta otsailean, Larrabetzuko frontoian.