Aranguren eta Baraiazarra, Bizkaiko lehenengo emakume eskupilotari txapeldunak

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 9a, 11:40

Jone Arangurenek eta Ane Baraiazarrak irabazi zuten Emakume Cup, Bizkaiko lehenengo emakumezkoen esku pilota txapelketa. Partida Zamudion egin zen martxoren 6an, eta finalean txapeldunek 22-17 irabazi zioten Jone Goirik eta Amaiur Holgadok osatutako bikoteari. Txapelketaren 3. eta 4. postua ere jokatu ziren, eta han Arrate Gazteluk eta Lutxi Fonsekak 22-18 irabazi zieten Mari Carmen Zubiaurri eta Paula Iturbideri. Zortzi pilotariek Txokoan Larrabetzuko emakume pilota elkartean jokatzen dute. Zamudioko frontoia gainezka egon zen finalean, eta errebote aldean harmaila osagarri bat jarri behar izan zuten. Partidak oso orekatuak izan ziren eta oso giro polita egon zen. “Txapelketa jokatzea esperientzia itzela izan da. Guk kirola egiteagatik hasi ginen pilotan jokatzen eta lagun talde polita osatu dugu Larrabetzuko Txokoan elkartean. Lagunen artean jokatu dugu pilotan eta galdu izana ez da hainbesterako izan lagunek irabazi egin dutelako. Ia hemendik aurrera beste emakume batzuek gure lekukoa hartzen duten eta pilotan jokatzen duten”, esan du Mari Carmen Zubiarrek.