<i>Hora Magora</i>, Moikave taldearen lehen lana

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 27a, 10:57

Jon Goikouria Larrabeiti sondikoztarrak baxua jotzen du Moikave taldean, eta aurten beren lehenengo diskoa kaleratu dute: Hora Magora . Jonekin batera, David Moikave (Santander) eta Ibai Velázquez (Santutxu) dabiltza taldean. Hirukoteak hegoaldeko rocka eta bluesa jotzen du, eta aipatu duten bezala, diskoak Enemigos, Del-Tonos, Fito edo M-Clan taldeen soinuak ekartzen ditu gogora. Diskoa bere webgunean, www.moikave.com, erosteko aukera dago, baita Power Records Bilboko Somera kalean dagoen dendan edo Santutxuko Zarata tabernan ere. Laster Fnac dendan ere saltzea espero dute. “Davidek eta biok karreran ezagutu genuen elkar, eta elkarrekin hasi ginen jotzen. Geroago, taldea apur bat serioago hartzea erabaki genuen eta Moikave taldea sortu genuen iaz, otsailean. Entseguak egiten ibili gara eta gero Hora Magora diskoa argitaratu dugu. Davidek letrak idatzi ditu eta musika guztion artean egin dugu. Diskoa grabatzea oso lan gogorra izan da, eta geure artean egin dugu erabat, pazientzia handiz (kar, kar)”. Diskoa zenbait lekutan aurkeztuko dute zuzenean: apirilaren 11n, La Cazu tabernan, Leioan; maiatzaren 2an, Leonen; eta maiatzaren 8an, El Bardo tabernan, Iruñean.