Euskahaldundu egin gara!

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 30a, 09:50

a: Aner Mentxaka / Korrika txikia, Larrabetzun: Idoia Andrés

Korrika ordu txikietan ailegatu zen Txorierrira domekan, goizaldean, baina horrek ez zigun euskaltzaleoi lasterketan parte hartzeko gogoa moteldu, ez. Ezta ordua aldatu behar izanak ere, ez horixe! Batzuk ohetik altxatu berriak ginela, eta beste batzuk artean oheratu ez ginela, txorierritarrok bat egin genuen Euskal Herrian zehar, urte birik behin, euskararen alde egiten den lasterketarekin. Eta bat egin genuen Larrabetzun, Lezaman, Zamudion, Derion, Loiun, Sondikan eta Erandiogoikoan. Argi eta garbi adierazi genuen gure konpromisoa eta aldarrikatu genuen, zaitasunak zailtasun, oztopak oztopo, euskahaldundu egin garela, Korrikaren aurtengo leloak esan duen moduan. Larrabetzutik sartu eta Erandiogoikotik hartu zuen Bilborako bidea Korrikak. Ordu bi tipi-tapa, Txorierrin zehar. Arin pasatu zen, baina aurreko egunetan ondo berotu genituen motorrak. Hala, Txepetxa AEK euskaltegiak eta herriko batzordeek eta elkarteek antolatuta, ekitaldi sorta ederra eduki genuen herri guztietan: bertso-afariak, ardo-kata, bertso-saioa, kontzertuak, antzezlanak, korrika txikiak… Korrika martxoaren 19an atera zen Urepeletik eta hara joateko autobusa ere antolatu zen. Txorierritik autobus bi irten ziren Nafarroa Behereko herritxora. Nolanahi ere, beren kabuz joan zirenak ere hartu behar ditugu kontuan, asteburu luzea izan zenez, ziur gaude askok aukera aprobetxatu zutela, inguruko herrietan egun batzuk emateko. Euskaltzalez gainezka topatu zuten Urepele; eta festa giroa, nagusi. Jai handia, Korrikaren hasieran. Eta amaieran ere bai. Bilbon berriro batu ginelako euskararen alde. Herri txikia da Urepele, Bilbo ere txiki gelditu zen. Euskara nagusi.