Udaberriko kontzertuak

Aikor aldizkaria 2015ko api. 1a, 13:09

Kontzertuak Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatu ditu eta bertan Txorierriko abesbatzek hartuko dute parte. Bost kontzertu izango dira apirila eta maiatza bitartean. Gaztelumendi Larrabetzuko abesbatzak apirilaren 18an, 20:00etan, eskainiko du kontzertua Andra Mari elizan. Larrabetzuarrekin batera, Saber Altube Gernikako abesbatza eta Jose Mari Arregi Mungiako abesbatza arituko dira. Ekidazu Lezamako abesbatzaren emanaldia apirilaren 25ean, 20:00etan, izango da Andra Mari elizan. Mendi Ona Sodupeko abesbatzak eta Bakioko abesbatzak ere izango dira kontzertu horretan. Sondikan, apirilaren 25ean ipini dute hitzordua, 19:45ean, San Juan Bautista elizan. Txuma Olagüe abesbatzak kontzertua emango du han, eta haiekin batera, Bilbo Argia otxoteak eta Soinu Bidea Basauriko abesbatzak. Azken kontzertua Zamudion egingo da maiatzaren 23an, 20:00etan, San Martin elizan. Anfitrioi Zamudioko Kamara Korala ibiliko da, eta gonbidatuak hauek izango dira: Zozoak Getxoko abesbatza, Mundakako abesbatza eta Enarmonia Zaragozako abesbatza. Naturari kantua Bestalde, Txuma Olagüe abesbatzak Ensalada de primavera kantua lehendabiziko aldiz abestuko du jendaurrean apirilaren 18an Bilbon eta apirilaren 25ean Sondikan. Kantua Julio Vidorreta konpositoreak egina da BBKren lehiaketa baterako, eta bigarren saria eskuratu zuen. “Naturari kantu bat da”, esan digute abesbatzatik. “Gogoz entseatzen gabiltza, ikasten apur bat zaila delako. Latinez eta euskaraz dago eginda eta erritmo ezberdinak nahasten ditu. Gainera, ez dugu guztiok aldi berean kantatzen, ahots bakoitzak bere momentua eta garrantzia du-eta. Hala ere, ziur gaude ondo irtengo dela”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).