“TxorierriTQuiere” kanpaina sustatu dute saltokiek

Aikor aldizkaria 2015ko api. 17a, 14:09

Txorierriko 130 saltoki baino gehiago batu dira eta Txorierri Valley-ko Merkataritza Mahaia osatu dute. Saltokiek “Txorierri Valley Merkataritza” marka bateratuarekin egin dute bat. Azaldu duten moduan, marka horrek balio hauek adierazten ditu: hurbiltasuna eta konfiantza, tokiko produktuen aldeko apustua, kalitatea eta bidezko prezioak, zerbitzuarekiko eta bezeroarekiko bokazioa, eta berrikuntzak eta teknologia berriak. “Txorierri Valley Merkataritza” marka barruan dauden saltokiek aurreikusi dute urtean zehar hainbat ekintza egitea. Lehena “TxorierriTQuiere” kanpaina da, maiatzaren 13ra arte iraungo duena. Kanpaina Facebooken bidez egingo da, eta bertan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da Txorierriko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean bizi edo lan egitea. Astero galdera bat ipiniko da elkartearen Facebookean eta parte-hartzaileek horiei erantzun beharko diete. Parte-hartzaileen artean, 190 poltsa pertsonalizatu zozketatuko dira. “Poltsak dendetan jasoko dira eta hala on linetik off linera pasatuko da”, esan dute. “Helburua merkataritzari balioa ematea da, eta hori herritarrengana eta Txorierrin lan egiten duten pertsonengana hurbiltzea”.