Zorionak Lainomendi!

Aikor aldizkaria 2015ko api. 28a, 10:56

Lainomendi Derioko dantza taldeak 25 urte bete ditu aurten eta, horren haritik, apirilaren 18an eta 19an ospakizun bereziak egin zituen Derion. Apirilaren 18an, jolasak, herri bazkaria eta erromeria antolatu zituzten, baita 25. urteurrenaren mural bat ere. “Euri zaparrada itzela bota arren, poteoa egin genuen Bertoko eta Trabudu taldeko trikitilariekin batera. Guztira 150 lagun batu ginen bazkarian, frontoian, eta horren ostean, Arizgoiti taldeak erromeria eskaini zuen. Baina hori hasi baino lehen, bateren batek kandelaz betetako tarta bat ekarri zuen ustekabez. Putz egin behar izan genuen (kar, kar)”, aipatu digute Lainomendikoek. Hurrengo egunean, sei dantza talde batu ziren eta agerraldi ikusgarria egin zuten Arteaga eraikinaren aparkalekuan. Lainomendiren batera, Algortako Agurra, Lezamako Gurutze, Zamudioko Hiru Bat, Sondikako Gorantzaileak eta Errekaldeko Arraizpe dantza taldeak aritu ziren bertan. “Hori ere oso polita izan zen. Pena izan zen Erandioko eta Bakioko taldeak etorri ezin izana, baina oso gustura ibili ginen. Asteburu oso polita izan zen eta primeran pasatu genuen. Lan handia egin genuen dena ondo antolatzeko, baina merezi izan zuen. Urteurrenaren bidez, eskerrak eman dizkiegu hainbat urtetan Lainomendiren alde lan egin dutenei eta, noski, txorierritar guztiei ere. Azken batean, eurek osatzen dituzte dantza taldeak”.