Gazteak, martxan

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 27a, 09:34

Gazte eragileek Txorierriko I. Gazte Martxa antolatu dute ekainaren 24tik 26ra bitarterako. Martxa hiru etapatan egingo dute: Loiu – Ganguren, Ganguren – Gaztelumendi eta Gaztelumendi – Bizkargi. Gainera, hainbat ekintza prestatu dute etapa bakoitzean egiteko, hala nola eztabaidak, tailerrak eta akelarre bat. Antolatzaileek azaldu diguten bezala, martxak baditu zenbait helburu. “Aisialdia kalean landu nahi dugu, naturan, eta kontsumoan oinarritutako ereduetatik kanpo. Era berean, gazteon arteko harremana sendotzea ere bada beste helburuetariko bat, eta hori parranda ez den beste ekintza baten bitartez egin”. Txorierriko gazte eragileen filosofiari jarraituta, martxa eta horretan zehar egingo diren ekintzak autogestionatuak izango dira eta gazteek eurek hartuko dute tailerrak-eta zuzentzeko ardura. “Ikasteko modu aktiboago eta parte-hartzaileagoa da. Dakienarengandik, elkarrengandik, ikasteko modua”. Bestalde, aukera polita izango da ingurumena ezagutzeko eta horrekiko errespetua sustatzeko. “Memoria historikoa ere landuko dugu. Historialari batek Burdinazko gerrikoari buruzko azalpenak emango dizkigu”. Martxan parte hartzen dutenek eguaztenerako bazkaria eta afaria eraman beharko dute; gainontzeko otorduak antolatzaileen kontura izango dira. Kanpatzeko materiala ere eraman beharko da. Datozen egunotan ekintzaren inguruko informazio gehiago zabalduko da gizarte sareetan eta kartelen bidez. Egitaraua Ekainak 24, eguaztena. Loiu – Ganguren 09:00: Loiutik irtetea. Bazkaria, bidean. Arratsaldean: kanpatzea, eta txalaparta, perkusio eta naturan biziraupen-tailerrak. Afaldu ostean: masaje gau musikatua. Ekainak 25, eguena. Ganguren – Gaztelumendi Goizean: gosaria, irrintzia eta martxan! Bazkaria, bidean. Arratsaldean: kanpatzea, puntu tailerra eta “Gazteak eta droga” eztabaida. Afaldu ostean: ukimen tailerra eta akelarrea. Ekainak 26, barikua. Gaztelumendi – Bizkargi Goizean: gosaria eta Bizkargira igotzea. Bazkaria. Arratsaldean: dantza tailerra eta “Queer mugimendua” eztabaida. Eta makina bat gauza gehiago.