Astelehenean aldatuko da Txorierriko trenbide-zerbitzua

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 29a, 10:38
Metroaren 3. Linearen azken fasea eraikitzeko lanak astelehenean, ekainaren 1ean, hasiko dira eta horrek eragina edukiko du Txorierriko trenbidean. Alde batetik, lanak egingo dira Alde Zaharrean, trena eta metroa lotzen dituen garaleku bat bertan eraikitzeko; eta bestetik, Matiko eta Ola trenez lotuko dira Artxandako tunel berritik. Lanek Zazpi Kaleetako eta Loruriko geltokien arteko zatia itxi behar izatea ekarriko dute; eta geroago, moztea Olaraino luzatuko da. Ondorioz, Lezamako eta Zazpi Kaleetako geltokien arteko ohiko zerbitzua aldatuko da. Trena betiko moduan ibiliko da Lezamatik Sondikaraino, baina handik Lutxanara abiatuko da trenbide zaharretik. Sangroizko eta Lutxanako geralekuak zabalduko dira tarte horretan, eta Lutxanara ailegatzen direnean, bidaiariek metroa hartu ahalko dute, Alde Zaharrera joateko. Aurreikusitakoaren arabera, gehienez bost minutu itxaron beharko dira Lutxanako geltokian garraio aldaketa egiteko. Bestalde, orduro tren bi aterako dira 07:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta tren lantzadera bat ipiniko da Sondikatik Lorurira joateko. Euskotrenek bidaia-txartel berri bi aterako ditu ohiko zerbitzua moztuta dagoen bitartean, eta egungo garraio txartelarekin batera egongo dira indarrean, erabiltzaileek gain-kosturik jasan ez dezaten. ‘Bono10 Konbinatua’ izenekoarekin hamar bidaia egin ahal izango dira Txorierri eta Lutxana eta Bolueta arteko edozein geltokiren artean. Bidaia bakoitzaren prezioa euro batekoa izango da. Halaber, tarifa murriztuak dituzten pertsonek ‘Bono10R Konbinatua’ eskuratu ahal izango dute. Kasu horretan, bidaiaren prezioa 0,60 eurokoa izango da. Bestalde, astelehenean ere aldatuko da Zamudioko geltokiaren eta Teknologia Parkearen arteko tren-bus zerbitzuaren ordutegia. Astelehenetik barikura, lanegunetan, zazpi autobus irtengo dira Zamudiotik Teknologia Parkera, 07:24tik 09:27ra. Teknologia Parketik Zamudiora 11 autobus irtengo dira astelehenetik eguenera, 16:05etik 19:40ra; eta lau autobus, barikuetan, 13:10etik 14:40ra.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).