Saio bi egingo dira: lehena, arrastiko 6etan izango da Gazteleku tabernan; eta bigarrena, arrastiko 8etan, Hori Bai gaztetxean.
Txapelketa Larrabetzuko Itallen bertso eskolak antolatu du Mungiako Taket bertsozale elkartearekin batera. Bertan talde hauek dabiltza bat-batean: Larrabetzuko Akarrak, Gamizko Harroak, Mungiko Lapurrek eta Sasilezamarrak. Plazan urte asko daramatzaten bertsolariek, etorkizuneko bertsolariek eta parrandetako bertsolariek osatzen dituzte taldeok. Izan ere, antolatzaileek adierazi digutenez, “Kopleruek” ez da ohiko txapelketa bat, bertsoa aitzakiatzat harturik, helburu hauek dituelako, besteak beste: ondo pasatzea, bertsozaletasuna inguruan zabaltzea, oraindik jendaurrean kantatu ez duten bertsolariei aukera ematea eta entzuleen inplikazioa lortzea. Horrela, bada, ohiko ariketez gainera, beste ariketa errazago batzuk ere egin beharko dituzte parte-hartzaileek, eta epaileak entzuleak eurak dira.
Txapelketa sei saiok osatzen dute eta dagoeneko lau saio egin dira; bi, Lezaman; eta beste bi, Gamizen. “Arduratsu genbiltzan ea entzuleek zelan erantzungo zuten, eta gure itxaropenik onenak ere gainditu ziran. Saioetan itzelezko giroa sortu zen eta bertsolariek, entzuleen babesak hauspoturik, bikain egin zuten bertsotan”.