Uritarrak futbol txapelketa solidarioa antolatu du asteburu honetarako

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 12a, 11:48

Uritarra Larrabetzuko futbol taldeak Futbol7 Txapelketa antolatu du asteburu honetarako, kimu kategorian. Seigarren aldia da txapelketa antolatzen dutena eta aurten ALIND/UBIE elkartearekin egingo dute bat. Azaldu duten moduan, Larrabetzuko eskolako ume baten familia elkarte horretako kidea da. ALIND/UBIE irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta desgaitasun mota anitz duten umeen gurasoek eta ume horiekin lan egiten duten profesionalek osatzen dute. Elkarteak umeen eta beren familien bizi-kalitatea hobetzea du helburu. “ALIND/UBIE eta Uritarrak ahalegin bat egin nahi dugu, elkartasun giroan, hemen gaudela aditzera emateko, eta gazteek, kirol ekintza baten bidez, beste errealitate bat ezagut dezaten”. Uritarra taldeko gazteez gainera, Euskadiko hainbat taldetako gazteak arituko dira txapelketan: Athletic Club, Sestao River, Trapagaran, Getxo, Eibar, Zamudio eta Astrabuduako, tartean. Partidak 10:00etatik 12:50era eta 16:00etatik 18:50era jokatuko dira zapatuan. Domekan, 11:00etan, finalerdia izango da; eta finala, 12:00etan. Bestalde, zozketa eta sariak ere egongo dira, azoka txikia ipiniko da eta zenbait ekintza antolatuko dira. Gainera, otorduak bertan egiteko aukera eskainiko da. “Jai polita izatea nahiko genuke, eta jai giroan, elkartasun giroan, kirolaz gozatu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).