Sondikako lagunarteko partida solidarioa izango da

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 7a, 09:16

Bihar, Athleticek Basozabal Sondikako futbol-zelaian jokatuko du 2015-2016 denboraldi-aurreko lehenengo lagunarteko partida, Txorierriko jokalariek osatutako talde baten aurka. Partida solidarioa izango da. Hala, biltzen den diru-kopuruaren erdia egitasmo bitara zuzenduko da: alde batetik, Elikagaien Bankuekin lan egiten duten Sondika eta Loiuko elkarteetara; eta bestetik, Friedreich-en ataxia gaixotasuna ikertzera. Hori gaixotasun neurodegeneratiboa da, zerebeloa eta bizkarrezur ganglioak hondatzen dituena. Partida arratsaldeko 7etan hasiko da eta sarrerak 10 euro balio du, baina umeek doan ikusi ahalko dute. Bestalde, gogoratu beharra dago Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak tapoiak batzeko kanpaina ipini duela martxan. Kanpainak Friedreich-en ataxia gaixotasuna ikertzeko dirua biltzea du helburu. Tapoiak leku hauetan utzi daitezke: Loiuko Udaletxean, Sondikako Artebe kiroldegian, Derioko Kultur Birikan, Zamudioko Udaletxean, Lezamako Udaletxean eta Larrabetzuko Udaletxean.