Gazte Eguna, Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 29a, 11:03

Hori Bai Gaztetxeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar, baina ziurrenik Gazte Eguna da handiena. Aurton 31. aldiz egingo da eta, betiko moduan, egitarau oparoa prestau dabe zapaturako, abuztuaren 1erako. Goizean, eskalada egiteko aukerea egongo da eta Zamudioko trikitilariek alaituko dabe giroa. Eguerdirako, herri bazkaria antolatu dabe eta ostean, gazte olinpiadak. Musikeari jagokonez, besteak beste, Arkada social, Dj Kaiku, Porco bravo eta Esne Beltza taldeek kontzertuak eskiniko ditue. “Larrabetzu Gazte Egunari eta Hori Bairi esker da askotan ezaguna, eta hori oso pozgarria da, harro egoteko modukoa. Harrigarria da gu bezalako talde txiki bat Gazte Eguna bezalako ekitaldi handi bat antolatzeko gauza izatea”, dino Kattalin Bárcena Hori Bai Gaztetxeko kideak, poz-pozik. Betiko legez, herriak bat egiten dau gaztetxeagaz, eta izugarrizko laguntza emoten deutso: gurasoek ogitartekoak egiten ditue, baita txosnako txandak be; ogia eta postrea Sarrikolakoek ekarten ditue, tabernariek eszenatokia ordaintzen dabe.... “Oso ekitaldi handia danez, jente pilo batek laguntzen deusku; bestela, guk bakarrik ezin izango geunke antolatu. Egun horretan ateraten dogun dirua Gazte Eguna bera antolatzeko erabilten dogu, guzurra iruditu arren”. Autobus bat, Elorriotik Kanpora begira izugarrizko oihartzuna dauka Gazte Egunak. “Oso hunkigarria da Euskal Herri osoko gazteak Larrabetzun ikustea: nafarrak, giputzak, arabarrak... Elorriotik autobus bat antolatzen dabe hona etorteko. Uste dot urteko egunik jentetsuena dala Larrabetzun. Eta horrek adorea emoten deusku aurrera jarraitzeko”, esan deusku Miren Zorrozuak, Kattalinen kideak. “Egun polita da, baina aldi berean oso urduri gagoz. Alde batetik, eguraldiari begira ibilten gara. Izan be, euria eginez gero, jente gitxiago etorriko da. Bestetik, dirua. Egunean bertan lortzen dogu dirua, eta ordaindu behar dogu. Izugarri nasaitu egiten gara dana ordainduta daukagunean. Eta bestetik, kontzertuak. Gatxa da taldeak aukeratzea, eta presinoa sentiduten dogu, ez doguzalako jentearen itxaropenak huts egin gura”. Gazte Eguna jaia da noski, baina aldarrikapen-ukitu bat be badau. Gainera, giro berezi bat sortzen da egun horretan. “Ez da parranda handi bat bakarrik. Larrabetzu herri txikia danez eta jaietako hiru aretoak oso gertu dagozanez, giroa erabat kontzentrauta dago eta oso polita da. Beharbada geure herria dalako esaten dogu hori, ez dakigu, baina holan sentiduten dogu (kar, kar)”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).