Zamudio Racing elkarteak bere kideen zaletasun bi uztartu ditu, autoak eta bertsolaritza, eta Bertso-Rally Erronka antolatu du lehenengo aldiz, irailean. Azaldu diguten bezala, beldur apur batekin ibili dira, ez zekitelako “esperimentua” nola aterako zen, baina azkenean dena primeran gertatu da eta oso ekintza arrakastatsua izan da.
Bertso-Rally Erronka irailaren 12an egin zuten. Goizean zehar, umeentzako jolasak, autoen erakusketa eta gidatzearen beldurra gainditzeko tailer bat egon ziren, beste ekintza batzuen artean. Hala ere, ekitaldi nagusia arratsaldean egin zuten. Bertan bertsolariek zein gidariek hartu zuten parte eta orotara bederatzi erronkari egin behar izan zieten aurre. Esate baterako, bertsolariek autoen piezei buruzko bertsoak bota behar izan zituzten, eta gidariak simulagailu batekin jolasean zebiltzan bitartean, kantatu eta pilotuak animatu ere egin behar izan zituzten. Era berean, pilotuek haiei gertatutako anekdotak kontatu zituzten eta bertsolariek anekdota horien inguruko kantuak asmatu zituzten. Erronkak egiteko, herriko bederatzi taberna eduki zituzten eszenatoki.
Erronketan bertsolari hauek aritu ziren: Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Beñat Ugartetxea; baita gidari hauek ere: Lander Kortazar, Antxon Jauregi, Ugaitz Basaras, Unai Larraskitu, Ibon Garay, Iñaki Narbaiza, Iban Tarsicio, Iñigo Peña eta Ioritz Abaroa. Iñigo Lazarok ere trial erakustaldia eskaini zuen.
“Oso pozik gaude”, esan digute antolakuntzatik, “Ekintza entretenigarri bat egitea lortu genuen eta guztiok atera ginen pozik handik, bai antolatzaileak, bai parte-hartzaileak zein ikusleak. Bigarren edizioa prestatzeko gogoarekin gabiltza”.
Aisia