Danontzat Loiuko elkarteak jai solidarioa egin du lehendabiziko aldiz joan den zapatuan, Larrondo auzoan, hango jai-batzordeko kideen laguntzarekin. Ekitaldian 4.500 euro inguru batu ziren eta dirua Friedreich-en ataxia gaixotasuna ikertzera bideratuko da. Loiukoek urtero egin nahi dute jai solidario bat dirua batzeko. Sondikan badago lagun bat Friedreich-en ataxia gaixotasuna duena eta, aurten, berari laguntzeko batu dute dirua.
Antolatzaileak poz-pozik agertu dira jaialdiarekin. “Harrituta gaude parte-hartzaileen kopuruarekin. Ez genuen espero hainbeste jende etortzea, baina eguraldi ona egin du eta horrek lagundu egin digu. Guztira, ia 300 lagun batu ginen bazkarian. Hasieran, apur bat urduri ibili ginen, ez genekielako janari nahikorik egongo zen eta, badaezpada, makarroiak egin genituen. Eta hala moldatu ginen. Jaialdia erabat arrakastatsua izan da”. Egun osoan zehar, hainbat ekitaldi egon ziren, hala nola, umeentzako jolasak, dantzak, kirola, sardina jana eta kontzertuak.