Altzora Sondikako euskara elkarteak bere eguna ospatu zuen irailaren 19an. Kontatu digutenez, oso egun bizia izan zen, egun osoan izan zirelako adin guztietako lagunei zuzendutako ekitaldiak. Horrela, bada, umeentzako zein gurasoentzako jolasak egin ziren eta Euskaraz bizi nahi dut abestiaren flash mob-a ere grabatu zen. Dantza poteoaren ostean, 250 lagun batu ziren herri bazkarian eta arrastian lagun gehiagok egin zuten bat ospakizunarekin. Erromeria gauera arte luzatu zen. “Primeran pasatu genuen eta oso pozik gaude ospakizunean herritarrek zein Sondikako elkarteek hartu dutelako parte; Gorzantzaileak dantza taldeak, Elaiak eta Pentagrama taldeek, gurasoen elkarteak eta Txuma Olagüe abesbatzak, batzuk baino ez aipatzearren. Giro ezin hobea egon da eta helburua bete dugu: euskaraz ondo pasatzea eta euskara kalera ateratzea”.