Beldur barik lehiaketak helburu hau du: emakumeek berdintasunik ezari nola aurre egiten dioten erakusten duten neska eta mutilen lanak aintzat hartzea eta sustatzea. Lehiaketara mota guztietako arte-adierazpenak aurkez daitezke. Horiek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabideak azaldu behar dituzte. Hori da, hain zuzen ere, Beldur barik egitasmoaren jarrera.
Horrela, bada, helburua ez da norgehiagoketan ohikoa den lehia sustatzea; horren ordez, hausnarketa eta eraldaketa pertsonala eta kolektiboa sustatu nahi dira, erasoen aurrean gazteek modu aktibo batean esku har dezaten, eta indarkeriarik gabeko harremanak sendo ditzagun. Horrezaz gainera, nabarmendu eta aintzatetsi egiten dira neska eta mutilek egunerokotasunean indarkeria sexistari aurre egiteko eta hori gainditzeko erabiltzen dituzten estrategiak.
Programa 12 urtetik 26 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta edozein genero artistiko, ideia, proiektu, performance, bideo edo musika jasotzen duten ikus-entzunezko sorkuntzak sarituko ditu, Beldur Barik egitasmoaren jarrerarekin bat egiten badute.
Lanak azaroaren 11ra arte aurkeztu ahalko dira, beldurbarik.org webgunean dagoen formularioaren bidez. Lan guztiak aipatutako webgunean ipiniko dira ikusgai, eta bertan ere topatuko duzue sariei eta aurreko urteetako sorkuntzei buruzko informazioa. Lehiaketari edo lanei lotutako edozein zalantza izanez gero, helbide elektroniko honetara idatz dezakezue: jarrera@beldurbarik.org.