Goi-Aldek 50. urteurrena ospatuko du asteburuan

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 1a, 14:27

Erandiogoikoko dantza taldeak 50 urte bete ditu eta barikutik zapatura bitartean hainbat ekitaldi egingo dituzte urteurrena ospatzeko. Horrela, bihar, iluntzeko 8etan, aukera egongo da Goi-Alde dantza taldearen eta Erandioko Udal Musika Bandaren saioa ikusteko. Ostean, 22:00etan, afaria izango da eta gaua dj batek girotuko du. Zapatuan, dantzen alardea egingo da eta bertan dantza talde hauek hartuko dute parte: Donostiako Goizaldi dantza taldea, Baztango Mutildantzari taldea eta Santutxuko Gaztedi Dantzari taldea. Herri bazkaria egingo da 15:00etan, eta Taberna Ibiltariak kantu-saioa eskainiko du 18:00etatik aurrera. Lekukoa dj batek hartuko du. Azkenik, pintxo poteoa egingo dute domeka eguerdian, eta arratsaldeko 7etan umeei zuzendutako ekintza bat egongo da; Irrien lagunak taldearen Arrantzara dantzan! ikuskizuna, hain zuzen ere. Korrontzi taldea 19:00etatik aurrera arituko da. Bestalde, egun osoan zehar umeentzako puzgarriak egongo dira. Baina aipatutakoak ez dira dantza taldeak urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekintza bakarrak. Izan ere, abuztuaren 15ean bazkari bat egin zuten eta erromeria ere eduki zuten, Luhartz taldearen eskutik. Oso egun berezia izan zen, Sorkunde Goikouria taldearen presidenteak azaldu digun bezala, egun horretan, urteak lehenago, taldeak jendaurrean lehenengo aldiz dantzatu zuelako. “Oso egun arrakastatsua izan zen eta guztiok pozik irten ginen. Espero dugu asteburu honetarako antolatu ditugun ekitaldietan ere jendetza batzea. Ume, gazte zein nagusientzako ekintzak egongo dira, hiru dantza talderen saioa, gure ekitaldia, Korrontzi… Era berean, Erandioko Udal Musika Bandarekin batera egingo dugu saio bat bihar, haiek ere 50 urte betetzen dituztelako aurten”.