Loiuko Gazte Eguna bihar, urriaren 10ean, egingo da hirugarren aldiz eta aurten Loiuko Bakarrak gazte-taldeak eduki du hura antolatzeko ardura. “Ekintzetan jendetza batzea espero dugu, bai herriko gazteak, bai beste herrietako gazteak. Ondo pasatzea, eta horrela herriari beste bizitasun bat, gaztetasun-kutsua, ematea”, azaldu dute. Horretarako, egitarau zabala antolatu dute eta egun osoan zehar hainbat ekintza egongo dira. “Ekintzarik erakargarrienak gaueko kontzertuak izango dira, zalantza barik. Eszenatokiaren gainean, Guda Dantza, Akatz eta Txapel Punk taldeak ikusteko aukera edukiko dugu. Baina eguenean zehar ere egongo dira ekitaldi garrantzitsuak, hala nola trikipoteoa, gazte bazkaria eta Taberna Ibiltaria”. Gainera, gauean doako autobusa egongo da Loiura joateko zein etxera itzultzeko. Autobusa gaueko 10etan aterako da Larrabetzutik eta geldialdia egingo du herri guztietan. Loiutik goizaldeko 3:30ean eta 5:30ean aterako da Bilborantz; eta 4:30ean eta 6:30ean Txorierrirantz. Gazteen iritziz, doako garraioa eskaintzea balio erantsia da. “Izan ere, Txorierriko gainontzeko herriekin alderatuta, Loiuk garraio-zerbitzu eskasa dauka eta horrela, jendeari erosotasun apur bat eman gura diogu, hona etortzera anima daitezen”.
Gazteek herriko ekintzetan parte hartze aktiboa izatea da Loiuko Bakarrak taldearen helburu nagusietako bat. “Pixkanaka-pixkanaka gazteei zuzendutako ekitaldiak sortu nahi ditugu. Herrian haientzako gauzak ere badaudela ikustea nahi dugu, eta haiek ere ekintzak antolatzeko gogoa eduki dezatela”. Horren haritik, gogoratu dute Gazte Eguna ez dela jai sinple bat. “Herriko gazte talde batek egindako lan handia dago atzean. Gazteei egun bat eskaini nahi diegu, herrian lekua daukatela sentitu dezaten”. Are gehiago, urtean zehar ere badute ekintzak egiteko asmoa, esate baterako, bidaiak, txapelketak eta jaiak.
Loiuko Gazte Egunaren aurtengo edizioa erabat arrakastatsua izatea espero dute, eta herriko gazteei ez ezik Txorierriko gazteei zein inguruko herrietako gazteei ere egin diete han parte hartzeko gonbitea. “Gauean parrandan ibiltzeko aukera egongo den arren, egunean zehar ere gazteak elkartzeko aukera paregabea eskainiko dugu, giro ona sortuz. Gainera, gu ere gazteak izanda, gainontzeko gazteak gugandik hurbil sentitzea nahi dugu, eta gu ere haiengandik hurbil, eta guztion artean herriari bizitasuna eman”.