Kerman Lejarraga boxeolariak beste borroka bat irabazi du joan den asteburuan. Morgako errebolberrak bederatzigarren asaltoan gainditu zuen Javier García Roche kataluniarra, Errege txatar-biltzailea. Epaileen ustez, Kerman nagusitu zen eta KO teknikoz eman zioten garaipena. Borroka Bilboko La Casilla kiroldegian egin zen eta izugarrizko giroa egon zen. Aretoa leporaino bete zen eta arazo batzuk egon ziren ikusle batzuk kanpoan gelditu zirelako. Antza denez, sarrera pilo bat faltsifikatu ziren eta Ertzaintza joan behar izan zen La Casillara, ordena ezartzeko.
“Oso gogorra izan zen. Borroka distantzia motzean egin genuen eta kolpe pilo bat eman genizkion elkarri. Nabarmena zen arerioa eskarmentu handiko boxeolaria dela. Eskuak apurtu behar izan ditut irabazteko”, esan digu Kermanek. Morgarrak egin dituen 12 borrokak irabazi ditu profesional mailan, eta haietako bederatzi, K.O.z. Hurrengo urratsa Espainiako Txapelketa jokatzea izan daiteke, baina Kermanek ez dio horri garrantzi handirik ematen. “Niri gerrikoak, bost. Niri entrenatzea eta borrokak gustatzen zaizkit, eta ringera ateratzen naizen bakoitzean, titulu bat jokatuko banu bezala aritzen naiz”. Giroari dagokionez, Kermanek aipatu du motibazio itzela ekartzen diela boxeolariei, nahiz eta ringean entrentzailearen hitzak baino ez entzun. “Giroa itzela izan zen, Las Vegas ematen zuen (kar, kar)”.