Feminismoa, aurtengo Gazte Topaketen ardatz nagusia

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 20a, 14:40
Txorierriko Gazte Topaketak urriaren 31n, zapatuan, egingo dira bigarren aldiz Lezaman. Topaketak gazte eragile hauek antolatu dituzte: Tarratada Sondikako gazte asanblada, Santzoka Derioko elkartea, Inisitue Zamudioko gazte asanblada, Lezamako gazte asanblada, Hori Bai Larrabetzuko gaztetxea, Ernai, eta Talka emakumeen taldea. Azaldu diguten moduan, feminismoa izango da aurtengo ekitaldien ardatz nagusia. Izan ere, uste dute feminismoak leku handiagoa eduki beharko lukeela gazteen artean zein bizitzako esparru guztietan. Era berean, garrantzitsutzat jotzen dute arlo horretako prestakuntza eta horregatik egun horretan egingo diren ekitaldi guztiek kutsu hezigarri bat edukiko dute. Hezigarriaz gainera, ekitaldi parte-hartzaileak izatea ere nahi dute antolatzaileek, eta elkarrengandik ikasteko baliagarriak. Eguerdian poteoa egingo dute, baina hori ez da poteo arrunta izango, baizik eta gazteek hainbat joko edo egoerari egin beharko diete aurre, dinamizatzaile batzuen laguntzarekin. Bazkaria Oxangoiti tabernaren atzeko landan egingo dute eta hark 10 euro balioko du. Izena emateko, txgaztemugimendua@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da, eta zenbat lagun izango diren esan. Arratsaldean, Kalerki Galdakaoko gaztetxearen antzerki taldea arituko da, eta horren ostean, muxu-jolasak egingo dira. Galdetu dugu, baina ez digute aurreratu nahi jolas horiek zertan dautzan. Beraz, hara joan beharko da jakin-mina asetzeko. Bestalde, “Talka feminismorantz” ekitaldia egingo dute, eta Gontzal Zubiaur kantautoreak eta Vinagre de Moderna taldeak kontzertua eskainiko dute iluntzeko 8etatik aurrera. “Jendea Lezamara etorri eta ondo pasatzea espero dugu. Ekintzetan parte-hartze aktiboa eduki dezatela nahi dugu, eta horrela elkarrengandik ikasi, guztion artean feminismorantz aurrerapausoak emateko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).