Txorierri Valley enpresa-elkarteak “Zer duzu gustukoen Txorierrin?” argazki lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz. Lehiaketan, Txorierrin bizi diren edo lan egiten duten 18 urtetik gorako lagunek har dezakete parte. Lekurik kuttunenari argazkia atera eta elkartearen Facebookera (/txorierrimerkataritza) edo webgunera (txorierrivalley.com) igo behar da. Boto gehien jasotzen duten argazkiek irabaziko dute eta haien egileek “Bizi Txorierri Vive” Box Esperientzia bat jasoko dute saritzat. Box Esperientzia horri esker, Txorierriko merkatarien elkarteek eskainitako produktuez eta zerbitzuez gozatu ahal izango dute beste lagun batekin.
Bestalde, argazkia Txorierrin lan egiten duen pertsona batek bidaltzen badu eta bere enpresaren izena zehazten badu, enpresa horrek “2015eko Enpresa Solidarioaren Saria” irabazi dezake. Saria Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak, Txorierri Valley elkarteak eta merkatarien elkarteak emango dute, eta jendaurrean enpresa-balioak eta enpresek eskualdearen garapenerako egiten duten ekarpena aintzat hartzea du helburu. Argazkiak azaroaren 15era arte bidali daitezke.