Urriaren 31n jokatu da bigarren aldiz Larrabetzun txakurkross lasterketa. “Iazko arrakasta ikusita eta kirol honen gorakada kontuan hartuta, aurten ere herrian txakurkrossa antolatzea erabaki genuen”, esan digu Haritz Carrera antolatzailetako batek. Guztira 105 korrikalarik hartu dute parte, iaz baino 21 gehiago. “Orain arte Estatuan egindako lasterketarik jendetsuena izan da eta horregatik, irteerak txandaka egitea erabaki genuen, bost lagun, 20 segunduro. Horrela, txakurrak zein jabeak lasaiago egon ziren irteeran eta irteeran ohikoak diren iskanbilak ekidin genituen”. Aurtengo ibilbidea lau kilometrokoa izan da, iaz baino apur bat laburragoa, bero handia egin duelako. “Bestela, txakurrek oso txarto pasatzen dute”. Larrabetzukoa Euskadiko Txakurkross Ligaren eta Iparraldeko Ligaren (Galizia, Asturias eta Euskal Herri mailakoa) lasterketako bat da.
Gizonezkoen mailan, Mikel Etxeberria zumaiarrak eraman du txapela. Bere atzean, txapeldunaren anaia, Pedro Etxeberria, eta Gaizka Aretxaga bizkaitarra sartu ziren helmugara. Emakumezkoen mailan, Mónica Touriño galiziarrak irabazi die Sonia Álvarez zumaiarrari eta Mireia Berenguer irundarrari. Sariak banatu ziren senior, junior eta beterano mailetan. Gainera, herriko saria Haritz Carrerak eta Adriana Andinok eraman zuten. Larrabetzuko neskarik parte hartu ez zenez, Adrianak irabazi zuen saria, Txorierriko lehenengo neska izateagatik. Lasterketa ostean, herriko tabernariek hainbat pintxo prestatu zituzten eta kriol horren erakustaldi txikiak antolatu ziren Andra Mari kalean.