El pantano del olvido abestiaren bideoklipa da, eta abuztu eta irailaren bitartean grabatu dute Ola aldean. Jon Goikuria sondikoztarra taldearen baxu-jolea da. Azaldu digun moduan, abestia desengainuari buruzkoa da eta taldekideetariko baten esperientzia pertsonalean dago oinarrituta. Horregatik natura hilari eta estetika goibelari lotutako giro baten bila ibili dira. “Olan badago baso txiki bat; eta bertan, etxola bat. Lekua garbitu, pintatu eta atondu egin genuen eta plano batzuk grabatu genituen bertan. Eszenaren bat ere Asua ibaian grabatu dugu, Sangronizera ailegatu baino lehen, eta Leioan”.
Taldekide bik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dute eta bideoklipa eurek grabatu dute, beren baliabideak erabilita eta inongo produkzio-etxearen laguntza barik. “Saiatu gara lan profesionala egiten, eta bideoklipak amateur kutsurik ez izaten”. Gainera, aktore profesional bat kontratatu dute han agertzeko. Bideoklipa YouTuben dago ikusgai eta taldearen webgunean: moikave.com.
Moikave rock and blues taldea da. Hora Magora beren lehen diskoa da eta El pantano del olvido abestia haren barruan dago. Diskoa otsailean kaleratu zuten, eta gaur egun bigarren lanaren abestiak prestatzen dabiltza.