Txorierriko Gabon-kanten jaialdia hogeita hamargarren aldiz egingo da abenduaren 12tik 27ra bitartean. Sei kontzertu eskainiko dira, eta kanpoko 10 abesbatza gonbidatu dira jaialdian parte hartzera. Orotara 16 abesbatza arituko dira eta Let it snow, Christmas Lullaby, Haurtxoa sehaskan eta bezalako abestiak eskainiko dituzte.
Lehenengo kontzertua abenduaren 12an izango da Larrabetzuko Andra Mari elizan, iluntzeko 8etan. Gaztelumendi abesbatzarekin batera, Usansoloko Orfeoia eta Sanfuenteseko Emakumeen Abesbatza arituko dira bertan. Hurrengo hitzordua Lezamako Andra Mari elizan izango dugu abenduaren 18an, iluntzeko 8etan. Emanaldia abesbatza hauen eskutik izango da: Ekidazu Lezamako abesbatza, Mungiako Tantak Korala eta Bilboko Arte Factum abesbatza.
Sondikak hurrengo egunean, abenduaren 19an, hartuko du jaialdia. Anfitrioiak Txuma Olagüe talde korala eta Txuma Olagüe abesbatza izango dira, eta gonbidatuak, Barakaldoko Kantarte Gazteder abesbatzaren kideak. Emanaldia iluntzeko 7:45ean hasiko da San Joan elizan. Jaialdia abenduaren 20an ailegatuko da Zamudiora. San Martin elizan, goizeko 11:45ean, hauek abestuko dute: Zamudioko Kamara Korala, Las Carreraseko Muñatones zortzikotea eta Durangoko Begi Argiak ganbara abesbatza. Bestalde, Derion abenduaren 26an egongo da Gabon-kantak entzuteko aukera. Hango Ipar-Alde abesbatzarekin batera, Getxoko Arrigunaga Kamara Koralak eta Plentziako Iraunkor abesbatzak eskainiko dute emanaldia, iluntzeko 8tik aurrera, San Isidro elizan.
Jaialdiari abenduaren 27an emango diote amaiera Loiuko San Pedro elizan. Txorierriko abesbatza guztiek parte hartuko dute ekitaldian eta bakoitzak hiru kantu abestuko ditu. Emanaldia 12:45ean hasiko da.