Alderdiek pozik hartu dute aireportuaren ordutegia ez luzatzeko erabakia

Aikor aldizkaria 2016ko ots. 12a, 15:55
Vueling hegazkin-konpainiak Loiuko aireportuaren udako ordutegia luzatzeko eskatu zion AENAri, baina sozietatetik gaur jakinarazi duten moduan, ez da egingo. Eskaria aztertu ostean, AENAK ordutegia ez luzatzeko erabakia hartu du, “momentuz, ezin delako nabigazio-hornitzailearen zerbitzua egokitu”. Txorierriko alderdiek pozik hartu dute erabakia. Izan ere, hasieratik azaldu dira Vueling konpainiaren eskariaren aurka, aireportuaren ordutegia luzatzeak herritarren bizi-kalitatean eta atsedenerako eskubidean edukiko zuen eragin txarragatik. Horrela, bada, azken hilabeteotan, Erandio, Sondika, Loiu, Derio eta Zamudioko alkateek (AEJ) bilerak egin dituzte AENAren ordezkariekin, mozioak onartu dira udaletxeetan eta Bizkaiko Batzar Nagusietara ere eraman da gaia. Horren haritik, aipatu beharra dago Batzar Nagusiek ere eskatu ziotela AENAri aireportuaren ordutegia ez luzatzeko, udalerrien adostasuna ez bazuten. “Txorierriko alkateek pozik hartzen dugu aireportuaren gaur egungo ordutegia mantentzea”, jakinarazi dute prentsa-ohar baten bidez. “Jarrera sendoa eta aktiboa erakutsi dugu gure herritarren eskubideak eta interesak defendatzen eta hark emaitza pozgarria eduki du. Oso balorazio positiboa egiten dugu eta ildo beretik jarraituko dugu lanean”. EH Bildutik ere azaldu dira pozik AENAren erabakiarekin, eta azpimarratu dute alderdien artean egon den adostasuna. “Gure helburua, gai honen inguruan alderdi guztiek bat egitea izan da, eta, ondorioz, AENAri presio handiagoa egin ahal izatea”. Hala, udaletxeetan eta Batzar Nagusietan aurkeztutako mozioak atzera bota eta beste alderdietakoek onartu egin dituzte, “nahiz eta puntu guztietan ados ez egon”. Bestalde, aipatu digute AENAri eskatuko diotela Estatuko eta Europako beste aireportu batzuetan ipinitako neurriak Loiun ere ezartzeko, ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko. Aireportuko enpresa-batzordearekin lan egiteko asmoa ere badute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).