Derioko udal kiroldegiak (DUK) 25 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko, Udalak herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu ditu datozen egunotarako. Horrezaz gainera, kiroldegiaren irudi korporatibo berria aurkeztu dute gaur goizean Esther Apraiz Derioko alkateak eta Nekane Aiarza kirol zinegotziak. Azaldu dutenez, irudi gaurkotua eta modernoa da, kiroldegiak berak eduki dituen bilakaerarekin eta hobekuntzekin bat egiten duena.
Ekitaldian azpimarratu duten bezala, DUK kirol erreferente handia da herrian eta, besteak beste, bere zerbitzuen kalitateagatik nabarmentzen da. Hala, 3.500 abonatu ditu eta zerbitzua Txorierriko beste herri batzuetako lagunei eta ikastetxeei ere eskaintzen die. Azpiegituraren 25. urteurrenaren haritik, “Futbola eta balioen transmisioa” mahai ingurua egingo da gaur. Ekitaldia Kultur Birikan izango da 18:00etan, eta bertan Athleticeko futbolariek hartuko dute parte. Bestalde, maiatzaren 20an Liga Solidarioaren lehen partida jokatuko da Futbol zelaian, 10:30ean. Liga Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak antolatu du eta, besteak beste, hauek arituko dira han: Athletic, Erreala, Eibar, Logroñés eta Mirandés. Ekintza solidario horretan batzen den dirua Gure Señeak elkarteari eta Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin lanean dabilen Derioko elkarteari emango diete. Ekitaldiok Euskaltel eta Giroa enpresek babestuko dituzte.