Walter Becerra eta Montse Vázquez atletek irabazi dute Burdinazko Harresian Karraderan lasterketaren hirugarren edizioa. Lasterketa Larrabetzun egin zen zapatuan. Guztira 270 korrikalarik hartu zuten parte lasterketan, eta horietako 40k ezin izan zuten lasterketa bukatu. Antolatzaileek aitortu dute aurten iaz baino parte-hartzaile gutxiago sartu direla lehian, baina ez daude kezkatuta. “Gurea oso lasterketa gogorra da ez dago edozeinen eskura. Gainera, lasterketa pilo bat daude egutegian eta agian korrikalari batzuek erabaki dute beste lasterketa batera joatea”.
Gizonezkoen mailan, Imanol Larrañagak eta Roberto Garayk osatu zuten podiuma; emakumezkoen mailan, Lide Gorostiola larrabetzuarrak bigarren postuan bukatu zuen lasterketa; eta Nerea Amilibiak, hirugarrenean. Korrikalariek 32 kilometro egin dituzte eta, besteak beste, Gaztelumendi (323 m), Arrizurigane (326 m), San Martingane (565 m) eta Bizkargi (565 m) mendiei egin behar diete aurre. Tartean, Gerra Zibileko hainbat lubaki eta bunker ikusteko aukera izan dute, baita horietako baten barrutik pasatzeko aukera ere.
Aurten, lehendabiziko aldiz, antolatzaileek lasterketa bukatzeko denbora-muga ipini dute. Gehienez sei ordu eman ziren 32 kilometroak egiteko, eta 12. eta 20. kilometroetan kontrolguneak ipini dira, egin egiten dela ziurtatzeko. “Ez dugu martxa bat izan nahi, lasterketa baizik”, argudiatu dute. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete bai babesle, bai laguntzaile guztiei, baina bereziki eurek laguntzera hurbildu diren larrabetzuar guztiei.