Erromesentzako aterpea zabalduko da udan, Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 30a, 09:46
Larrabetzuko Udalak eta Bizkaiko Done Jakue Bideko Ospitalari Bolondresen Elkarteak hitzarmena sinatu dute, Larrabetzun udan erromesei zuzendutako aterpea martxan jartzeko. Aterpea eskolako gimnasioan jarriko da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Bertan 22 lagunek izango dute egunero lo egiteko aukera, eta behin behineko beste 10 leku eskaini ahalko dira. Udalak erabileraren ondorioz sortutako gastuak (gasa, argindarra eta ura) ordainduko ditu, eta elkarteak aterpea mantentzeari dagozkionak (garbiketa, botikina hornitzea). Eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, elkarteak aterpean behin erabili eta botatzeko izara eta burko-azalak erabiliko ditu, eta berak ordainduko ditu. Larrabetzukoa ez da izango Txorierrin dugun aterpe bakarra, Lezaman ere badagoelako. “Lezamakoa topera dabil eta ezin du erromes gehiagorik hartu. Larrabetzun jarriko duguna osagarria izango da”, esan digu Iñigo Gastelu alkateak. “Elkartekoak gugana etorri ziren duela zazpi hilabete. Aintzat hartu zituzten Larrabetzuk dituen zerbitzuak eta giroa. Guri herrian aterpea jartzeko proposamena oso ondo iruditu zitzaigun. Izan ere, herria lau haizeetara ezagutzera emango da eta, bide batez, onura ekarriko die herriko dendei eta tabernei”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).