Txorierriko pilotariak, nagusi Udaberri txapelketan

Aikor aldizkaria 2016ko api. 12a, 14:22
Apirilaren 8an, Udaberri Bizkaiko Txapelketaren finalak jokatu ziren Zierbenan, eta pilotari txorierritarrek maila ederra erakutsi zuten bertan, batez ere, Olarreta Larrabetzuko elkartekoek. Gomazko paleta kategorian, Joanes Camara lezamarrak eta Asier del Río larrabetzuarrak osatzen duten bikoteak 25-22 irabazi zion Danak bat Mungiako taldeko jokalariei, bigarren mailako finalean. “Aurten hasi gara elkarrekin jokatzen eta poz-pozik gabiltza, irabaztea espero ez genuelako. Finala oso gogorra eta parekatua izan zen eta guztira ordubete eta erdi eman behar izan genuen garaipena lortzeko”, esan digu Joanesek. Txapelak aurrera jarraitzeko indarra eman dio bikoteari eta, etorkizunari begira, gazte txorierritarrek lehenengo mailan ere lortu nahi dituzte garaipenak. Gomazko paleta kategorian ere, Eneko Ogara larrabetzuarrak eta Igor Benito getxotarrak osatutako bikoteak jokatu zuten hirugarren mailako finala, baina ezin izan zuten txapela eskuratu eta azkenean 25-10 galdu zuten Galipa Zierbenako elkartearen kontra. “Olarreta oso klub txikia da, 83 pilotari baino ez ditugu, baina azken hiru urteotan izugarrizko gorakada izan dugu eta garaipen asko lortu ditugu. Oso pozik gaude”, aipatu du Erlantz Garcia Olarreta taldeko kirol-koordinatzaileak. Azkenik, frontenis kategorian, Derioko taldeak bigarren mailako finala galdu zuen Soduperen kontra. Xabier Arriortua lezamarrak eta Rubén Blanco sondikoztarrak 30-22 galdu zuten. “Iaz sortu genuen taldea eta bikote hori lehenengo aldiz sartu da lehian txapelketa batean, eta nora eta finalera heldu da. Oso pozik gaude. Hemendik aurrera jarraituko dugu lanean eta datorren denboraldiari begira, irailetik aurrera, nagusien bikoteez gain bikote gazteak ere osatu nahi ditugu. Horretarako, gurekin harremanetan jartzeko eta pilotan jokatzera animatzeko deialdia egiten diet herriko gazteei”, adierazi du Lander Martínez Derioko taldeko arduradunak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).